Gaixotasun neuromuskular
baten lekukotza
Gaixotasun
arraro batekin bizitzea
Hodei ARROLA
Sortzetiko Miastenia hobeto ulertzeko, komeni da
miastenia kontzeptua ezagutzea. Miastenia desordena neuromuskularra da, zeina
bereizten den gihar eskeletikoetan (borondatezkoetan) eragiten duen ahultasun
eta nekeagatik. Miastenia tiporik ezagunena eta gehien jazotzen dena MiasteniaGravis delakoa da, zeina gaixotasun autoinmunea eta kronikoa den.
Miastenia Gravis gaixotasunarekin gertatzen ez den
bezala, Sortzetiko Miasteniaren inguruan ez dago informazio askorik. Izan ere,
gaixotasun nahiko ezezaguna eta arraroa da. Europar Batasunak esaten duen
moduan, gaixotasun arraroa izateko 10.000 pertsonetatik 5 baino gutxiagok (5/10.000)
izan behar dute eta, Sortzetiko Miasteniaren kasuan, 500.000 pertsonetatik 1
baino gutxiagok (1/500.000) pairatzen duten gaixotasuna da.
Sortzetiko Miastenia lotura neuromuskularraren
gaixotasuna da, hau da, nerbioaren eta muskuluaren arteko loturaren
gaixotasuna. Nerbioek muskuluei informazioa bidaltzen dizkie nerbio kinadaren
ondorioz, sinapsia deritzona. Horretan datza gaixotasun honen kaltea.
Miastenia Gravis eta Sortzetiko Miasteniaren arteko
diferentzia nagusia da lehenengoa autoinmunea dela eta bigarrena ez.
Bigarrenaren kasuan, gaixotasun hereditarioak dira, zeina era errezesiboan edo
dominantean heredatu daitezkeen.
Gaixotasun askorekin gertatzen moduan, Sortzetiko
Miasteniaren barruan hiru era desberdinetakoak izan daitezke: presinaptikoa,
sinaptikoa eta postsinaptikoa. Miastenia mota hau beste gaixotasun batekin
azaldu daiteke kasu batzuetan: aldaka miopatiarekin.
Sortzetiko gaixotasuna denez, normalena da jaiotzetik
pairatzea baina, hala ere, heldutasunean pairatzea posible da ere, batez ere,
era errezesiboan heredatu bada. Gaixotasun honek dituen sintomak bestelakoak
izan daitezke segun eta zein tipo izan. Hala ere, sintomarik normalenak
ondorengoak dira: ahultasun muskularra (gorputzaren parte batean edo gorputz
osoan hedatua), ibiltzeko zailtasuna, idazteko zailtasuna, arnasteko
zailtasuna, diplopia (ikusmen bikoitza edo lausoa), ptosis (goiko betazala
erortzea), oftalmoplejia (begiko muskuluak paralizatzea), disfagia (irensteko
zailtasuna), disartria (asaldura mintzamenean), aurpegiaren adierazpena
aldatzea eta, kasu larrienetan kardio-arnasketa gutxiegitasuna. Azken sintoma
hau, nahiz eta oso larria izan, Sortzetiko Miastenia duen edozeinek izango duen
sintoma da. Askotan ospitalean ingresatzeko modukoa dena.
Nire kasuan, adierazi nahi nuke, lehenik eta behin,
txikia nintzenetik pairatu izan dudala gaixotasuna. Txikia nintzeneko garaia
gogoratu ezin dudan arren, gurasoek behin eta berriz esan didate oso txarto
pasatzen nuela, nahiz eta nuena ulertzen ez nuen. Nire amak esan zidanez: “Zure
anaiak eta lagunek egiten zutena egiten saiatzen zinen. Baina ez zenuen inoiz
lortzen”. Urteak pasa ahala, sei urte nituenetik aurrera, gertatzen zitzaidana
gogoratzen dut, nahiko ondo gainera. Argi zegoen ezintasun horrek larri
erasango ninduela. Beti galdetzen nion nire buruari zergatik ikusten nituen
pertsona guztiak nik egin ezin nituen gauzak egiteko gai ziren. Ezin nion
erantzun logikorik aurkitu.
Oro har, gaixotasunaren bilakaera ezberdina da segun eta
zein sindrome mota izan. Horrekin batera, gaixotasunak agerraldiekin bilakatu
daiteke edo progresiboa izan. Normalean honelako gaixotasunak begietan,
aurpegian edo gorputz-adarretan zentratzen da, nahiz eta posible den sindrome
orokortua izan.
Hala, gaixotasunean gehiago sakontzeko, Sortzetiko
Miastenia pairatzen duen gaixo baten lekukotza zuzenaren berri emango zaizue.
Nire gaixotasunaren berri. Noski, aurretiaz esan bezala argi eta garbi gera
dadin esan beharra dago ez dutela Sortzetiko Miastenia duten bi gaixoek sintoma
berdinak zertan izan. Izan ere, aldaketak daude pertsona baten eta beste baten
artean eta sortzetiko sindrome miasteniko tipo batetik beste tipo batera.
Gaixotasunak berak sortzen zizkidan arazoak aparte,
jendea beti portatu izan da oso txarto nirekin. Mota guztietako komeriak egin
didate. Gaur egun ere izugarri kostatzen zait nire burua onartzea gaixotasuna
dela eta. Kanpotik nabarmentzen ez den gaixotasuna da eta horrek ere eragin
negatiboa sortzen du. Baina, kontua da hau ez dela gaixotasun muskular sinple
bat, haraindira doa. Nire kasuan konexio neuromuskularra %5ean funtzionatzen da
eta horrek izugarrizko arazoak ekartzen dizkit. Ibiltzea izugarri kostatzen
zaidan gauza da. Askotan ezinezkoa suertatzen zait jarraian bi pauso ematea
ere. Nekatuta nagoenean ibiltzea eta arnas egitea ezinezko zaizkit. Arnas
egiteko gelditu behar nahiz eta, askotan ere, arnas egitea kostatzen zait.
Eskailerak igotzea zein jaistea, gidatzea, saltatzea, igeri egitea, idaztea.
Dena.
Gaixotasun honi atxikitzen zaion arnasketa krisiak ere
izan ditut. Txikia nintzenean lehena izan zuen, nahiz eta gogoratzen ez dudan.
Bestea, 2010ean izan nuen. Hil zorian egon nintzen ospitalean ingresatuta bi
hilabete. Nire gaixotasunak aldebiko pleura-isuri handi bat piztu zidan.
Medikuen aburuz bizirik atera izana bitxitasun medikoa izan omen zen. Izan ere,
bihotza ez ezik, gainontzeko organo guztiak kaltetu zizkidan. Eraginik larriena
birikietan egon zen, biriki bat kolapsatu baitzitzaidan.
0 comentarios:
Publicar un comentario